Euskal Herriaren geroa, euskaratik eta euskaraz
Ezin ukatu azken bizpahiru urtean hainbat tokitatik ari dela, ari garela, geure herriaren etorkizunari buruzko gakoak aurkitu nahian, besteak beste, Eusko Ikaskuntzak antolatutako hausnarketan. Seinale ona da hori, bizi garen, bizirik gauden seinale.
Niri, zaila egiten zait Euskal Herriaren geroa x delako egun batean irudikatzea. Hau da, ez dut uste egun zehatz bat egongo denik, eta egun horren biharamunetik aurrera dena desberdina izango denik. Aitzitik, Euskal Herria prozesu baten abiapuntu, baina, aldi berean, azken ondorio gisa irudikatzen dut, euskararen normalizazio-prozesua irudikatzen dudan bezalaxe. Horrexegatik, hain zuzen ere, Euskal Herria euskaratik eta euskaraz irudikatzen dut. Gaur egun euskaratik hasi eta etorkizunean euskaraz izango den Euskal Herria ikusten dut ortzi mugan.
Prozesuaren abiapuntu eta helburu denez, Euskal Herria zerbait dinamikoa da, eta guk desiratzen dugun gerora eramango gaituen prozesua gaurdanik jorratu behar dugu. Horrexegatik, beraz, euskaratik diodanean, eraikuntza-prozesu honetan hizkuntzak erdigunean kokatuko ditugu. Eta, bai, hizkuntzak hitza erabili dut; finean Euskal Herri euskaldun hori herritar euskaldun eleaniztunez osatutakoa izango delako. Migrazio-mugimenduak gero eta handiagoak bizi ditugun honetan, ezin dugu ikuspegi monolitikorik izan. Horrela, Euskal Herriaren geroan hizkuntza-aniztasunaren kudeaketa demokratikoak erdigunean kokatuta egon behar du. Demokrazia, justizia eta elkarbizitza izango dira kudeaketa demokratiko horren ardatz nagusiak, eta, ondorioz, herritarren eskubideak ardatz izango dituen gizartea eraiki behar dugu. Gainera, horretarako badugu iparrorratza. Izan ere, benetan sinesten dut Euskal Herri justuagoa, demokratikoagoa eta herritarren arteko elkarbizitza indartsuagoa erdiesteko badugula tresna, hain zuzen ere, Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa. Egia da, bai, azken boladan behin eta berriro ari garela gure herriaren geroa marrazteko zabaltzen ari diren eztabaidetan dokumentu hori kokatzen, baina bi arrazoi nagusi dago horren atzean. Batetik, Euskal Herrian eta gainerako Europan inoizko adostasunik handiena duen dokumentua da; eta, bestetik, dokumentu horren oinarria bizikidetza eta justizia ardatz dituen gizarte-eraikuntzari ekarpen praktikoa egiten dio.
Halere, ez da nahikoa herria eraikitzeko zein tresna izan daitekeen baliagarri definitzea. Tresna ez ezik, eraikitzaileak eta herrigileak ere behar dira. Eta, horretan badugu non bilatu. Izan ere, Euskal Herria euskaratik eta euskaraz eraikitzeko beharrezkoak ditugu herritar kontzientziatuak, bai eta kontzientziatu gabekoak ere. Horren karira, euskara ardatz izango duen Euskal Herria eraikitzeko, hemendik eta hilabete batzuetara abian jarriko den Euskaraldia dinamikan parte hartuko duten milaka herritarrek ekarpen ikaragarria egingo dute. Halere, ezin dugu inondik inora ez, eraikitze-lana herritarren esku bakarrik utzi. Horrela, Euskalgintzak ere lanean jarraitu behar du, orain arte bezalaxe, hiztunak, espazioak eta tresnak sortzen batetik, eta etorkizun justuagoa eraiki behar dela aldarrikatuz, bestetik. Euskalgintzaz gain, geure egunerokoan eragiten duten erabakiak hartzen dituzten eragileak ere euskaratik eta euskaraz eraikitzen jarri behar ditugu. Finean, hizkuntzaren gaia justiziakoa izanik, guztion afera da, eta guztiok dugu zer egina.
Azkenik, nola ez, instituzioak ere norabide horretan jarri behar ditugu eta, egia da instituzioetan aukera berri errealak zabaldu direla Euskal Herriaren luze zabalean Hartara, jauzia egiteko baldintza objektiboak daudela iruditzen zait.
Jauzia egin dezagun, beraz, Euskal Herriaren geroa gaurdanik marraztuz eta gaurdanik eraikiz. Izan ere, kontua ez da x delako egunaren zain egotea, bat-batean Euskal Herria ardatz horietan eraikita egongo delakoan. Inondik inora ez. Euskal Herria abiapuntu eta ondorioa da, guk eraikitzen dugunaren araberakoa, eta beraz, erantzukizunez jokatzea dagokigu bidea euskaratik eta euskaraz egingo dela bermatzeko.