Lehenengoz Euskal Herrira heldu nintzenean, 2011. urtean, naturaren berdeak eta euskaldunek tradizioarekin duten lotura estuak atentzioa eman zidaten. Besteak beste, herri-kirolak, dantza tradizionalak, danborradak eta ezaugarri kulturalak ederrak bezain interesgarriak iruditu zitzaizkidan; izan ere, elementu horiek behin eta berriro frogatu zidaten euskaldunentzat tradizioa ez dela museoko objektua, bizimodua baizik. Jendea hunkitu egiten da Tradizioa biziz eta zirrara horrek agerian uzten dit euskaldunen harremana euren izate historiko eta tradizionalarekin.
Euskaldunek Tradizioarekin mantentzen duten lotura sendoa Unibertsitatean ere berriro bizi izan nuen. Bertan, jende ugarik antzinako Greziaren tradizioa ikasten eta ikertzen zuen, ez soilik ikertzaile gisa, baizik eta milaka urteko zuhaitz emankor baten sustraiak zaintzen dituen nekazariaren moduan. Pertsona horiek greziar tradiziorekiko bizi duten maitasuna eta txerak aditzera eman zidaten euskaldunen izatea desberdintasunarekin elkarrizketan definitzen dela; elkarrizketa horrek, ildo berriak irekitzen dituen heinean, herriak alteritatetik ikas dezan sustatzen du, bere nortasun propioa galdu gabe.
Gaur egungo aroan, aldaketen aroan, herrien nortasun eta kulturek modernitatearen erronkei aurre egin behar diete. Nire aburuz, Euskal Herriaren etorkizuna ere, bere berezitasunaren zainketaz gain, borroka dialektiko horren testuinguruan kokatzen da: berezia egiten duten ezaugarriak bilatuz eta desberdina denarekin elkarrizketan. Prozesu horren bidez euskaldunen izate tradizionala etengabe berresten ari da.
Uste dut aipatutako elkarrizketaren testuingurua Giza Zientziek antola eta erna lezaketela. Giza Zientziak dira elkarrizketaren eta ulermenaren oinarri garrantzitsuenetako bat. Oinarri horren gainean, elkarrizketaren bidez, euskaldunek babes dezakete euren izate kulturala; horrez gain, aberastu egin dezakete, egonkortasunaren itsasargi bihurtuz modernitatearen aldaketen anabasan. Giza Zientzien egituraketaren bidez, euskaldunek lortuko dute euren buruarekin eta gure aroarekin elkarrizketan jarraitzea. Solasaldi horretan, beren burua definitu ahalko lukete, euren abiapuntua izanik ez protekzionismo kultural jakin bat, baizik eta Euskal Herriko landen euskaldunen berezitasun originala eta alteritatearen arteko uztartze bizi eta harmonikoa.