Komunikabideen geroa: “Neurriak hartzea guztiz premiazkoa da”.
Digitalizazioak hankaz gora jarri du komunikazioaren mundua. Teknologia berriek ekarri dituzten onurak begi bistakoak dira: ekipamenduen merkatzea, sarerako sarbide gero eta unibertsalagoa, informazioa une oro kontsumitzeko aukera… Alor honetan aurreikuspenak egitea bereziki zaila da, komunikazioaren sektorea oso aldakorra baita eta joera eta kontsumo-azturak urte batetik bestera dezente mudatzen baitira. Esaterako, tabletak ez ditu aurreikuspenak bete, ezta liburu elektronikoak ere. Izan ere, patxadaz irakurtzeko, tintak eta paperak, oraindik ere, badute beren xarma, beren liturgia, beren usaina…
Haatik, sareko informazioa gero eta gehiago sakelako telefonoetatik ari da bideratzen ordenagailuen kaltetan. Ez hori bakarrik: sare sozialak informazioa eskuratzeko bide gero eta hautatuagoa da, egunkarietako webguneen gainetik. Internet gora doa eta papera behera. Betiko galdera dator orain: papereko kazetak desagertuko al dira? Inork ez daki. Zenbat buru hainbat aburu entzun eta irakurtzen dira. Nire ustez papera ez da guztiz desagertuko baina epe labur-ertain batean kazeta gehienek aldaketa nabarmenak egingo dituzte. Papera guztiz desagertuko da internet ekonomikoki bideragarria bilakatzen den biharamunean. Izan ere, sareak bisita asko ematen ditu, baina diru gutxi ematen du. Sareko harpidetza-sistema ez da egonkortzen gure artean. Diru-iturri garrantzitsuenak papereko salmentetatik eta papereko publizitatetik datoz.
Hala eta guztiz ere, garbi dagoena da, gauzek horrela jarraituz gero, bost urteren buruan kazeta dezente desagertuko direla eta beste batzuek aste barruan paperean editatzeari utziko diotela. Dagoeneko gero eta gehiago dira horren alde egiten ari diren kazetak. Astelehenetik ostiralera edizio elektronikoa izango dute sarean ikusgai eta asteburuetan (edo soilik igandeetan) papereko edizio bereziak; norentzat? bada gai sakonak, analisiak, elkarrizketak eta erreportajeak patxadaz irakurtzeko maite duten irakurleentzat (besteak beste, horixe egin du 1864an jaio zen Portugalgo Diario de Noticias egunkariak). Horrezaz gain, batzuek, agian, tarteka-marteka, bizpahiru hilabetetik behin, liburu formatuko edizio monografikoak kaleratuko dituzte gai zehatzen inguruan. Panorama horretara goaz.
Horrekin batera, sortuko dira lantalde txikiak dituzten agerkari digital espezializatuak. Horietako asko gizarte ekimenaren ondorio izango dira eta esperientziadun profesionalek osatuko dituzte, masa hedabide handiek kanporatu, baztertu edo erbesteratu dituzten kazetariekin. Agerkari horietako asko erreferente kritiko, adierazpen askatasunaren adierazle eta kalitatezko kazetaritzaren gordeleku izango dira.
Telebista ikusteko moduak ere zeharo aldatzen ari dira. Gazteek, eta hain gazte ez direnek ere, plataformak edota telebista tematikoak direla medio, beste modu batez ikusten dute telebista. Joera hori ez da mantsotuko, areagotuko baizik. Irratiaren munduan, digitalizazioak oraindik ez ditu bere onenak (edo txarrenak) eman, baina emango ditu, zalantzarik gabe. Dena den eta aldaketak aldaketa, komunikabide tradizionalek jarraituko dute agenda markatzen, zedarritzen, markoak ezartzen eta iritzi publikoa bideratzen.
Bestelakoak ere ikusiko ditugu. Esaterako: kontsumo eta eduki arineko webguneek kontsultatuenak izaten jarraituko dute eta korporazio erraldoiak gero eta handiago izango dira eta gero eta gehiago mugatuko/oztopatuko dute adierazpen askatasunaren eremua eta pluraltasun informatiboaren espektroa. Horregatik, bestelako informazioa topatzeko nork bere ikuspuntu kritikoa izatea eta egunero lantzea guztiz ezinbestekoa izango da.
Eta euskarazko hedabideek zer? Ez ditut hain gaizki ikusten. Birmoldaketa haienera ere iritsiko da noski, eta gauzak gehiago estutu litezke. Hori horrela ez izateko zenbait baldintza behar dira: planteamendu errealistak egin, instituzioek sektorearen estrategikotasuna kontuan hartu, multimediatasunean sinetsi, komunitatearen nortasunean sakondu eta guztien arteko elkarlana sustatu. Hori guztia behar beharrezkoa da sektoreak bizi duen prekarizazioa gainditzeko. Hori egin ezean, kazetari euskaldun on askok jarraituko dute irakaskuntzara edo administrazio publikora transhumantzia egiten, neguko nahiz udako larreetatik barna. Euskarazko hedabideek profesional on asko dituzte, elebidun edo eleanitzak diren kazetariak. Ez dute halako traturik merezi. Lanbideak ezin du horrelakorik onartu. Sektorea duindu egin behar da. Neurriak hartzea guztiz premiazkoa da.