Urteko galdera

Josemari Velez de Mendizabal / Idazlea

06/02/2018

Josemari Velez de Mendizabal / Idazlea

Ez nau kezkatzen...

Euskal Herriaren etorkizunak ez dit bat ere ardurarik ematen, ez nau kezkatzen. Ni oraingoan bizi naiz eta horrexek narama lerro hauek idaztera, erabat konbentzituta bainago eguneko ahalegina dela pizgarri bakarra balizko bihar-etziri heltzeko.

Eta horretan bai igar dezakedala nire baitan halako sentsazio gazia hamarkadatan leit motiv izan dudanarekiko, hots, euskal giza kolektiboarekiko. Kolektibo idatzi dut, ez baitakit nola defini dezakedan mapan desegituratuta agertzen zaidan esparru geografikoa. Dena den, ezgaitasun horrek berdin dit.

Oraingo talaiatik atzera begira jarrita, herri kontzientziaren sakontasuna mehetu egin dela esan liteke. Zabaleran antzera segi badezake ere, txikitu egin da sendotasuna, hau da, izanari indarra ematen dion neurria. Izotz geruza baten antzera, gainkalde zuriak azpialdeko hauskortasuna ikusezin dezake, hondoratzeko arriskua estaliz. Eta badirudi sendotasunaren zaintzarako utzikeriak hartu duela toki gure artean, bizitza baldintzetarako ezinbestekoa den tentsioa erlaxatu egin izan balitz bezala.

Zalantzazko une hauetan, ordea, Eusko Ikaskuntza datorkit gogora, egundoko zeregin ederra baitu euskal kolektiboarentzako aholkularitza eta gidaritzan. Aurten ehun urte betetzen ditu erakundeak -bere sorreratik euskal esparru osoa artikulatzen duen gizarte erakunde bakarra dugu- eta ahots amankomuneko arragoa bilakatu da, itxaropenerako bitarteko egokia. Ideologia, adin, gaitasun eta jatorri desberdinetako hiritarrek ematen diote Eusko Ikaskuntzari balioa, aurrera begira lan egiteko ahalmena. Horren makineriak indarrean etengabe dirauen bitartean, beraz, ez nau Euskal Herriaren geroak arduratzen.

Partager:
Facebook Twitter Whatsapp