Urteko galdera

Iñaki Martinez de Luna Pérez de Ariba / Soziologian doktorea eta soziolinguistikan aritua

2020/01/15

Iñaki Martinez de Luna Pérez de Ariba / Soziologian doktorea eta soziolinguistikan aritua

Premisa bat

Premisa batek gidatuko du gogoeta hau: hezkuntza sistemak bere komunitatearen eta horren bizilagunen mesedetan jardun behar du. Izan ere, kultura eta hezkuntza historiako une jakin batean eta leku espezifiko batean kokatuz, gizarte zehatz bat antolatzeko modu jakin baten ideia-sistemaren parte dira.

Eredu pedagogikoak eztabaidagai

Hezkuntza-sistemaz hausnartu eta eztabaidatzean, ezagutzan eta konpetentzietan oinarrituriko hezkuntza-ereduak kontrajarri ohi dira. Kokapen edo joera ideologiko ezberdinetatik abiatuz, hurbilpen bat ala bestea aldarrikatu da.

Konstruktibismorako hezkuntzaren helburu nagusia ezagutza da, hau da, mundua ulertzea. Ezagutzarik gabe iritzi ezberdin eta kontrajarria dugun jendea besterik ez gara. Horregatik (ere) ezagutzak berebiziko garrantzia du, adibidez, sinesmen arrazistak eta intoleranteak dituztenekin eztabaidatzeko orduan. Eta ezagutza da jendeari aukera ematen diona mugimendu populisten lelo zatitzaile eta zinikoei buruz modu kritikoan pentsatzeko.

Konpetentzien araberako hezkuntzak, ordea, eredu hori baliorik gabekotzat joz, baztertzen du errealitatea ulertzeko hurbilpen hori. Hortaz, konpetentzien araberako hezkuntzan, ezagutza bigarren mailako zeregina da eta lehentasuna teknikei ematen zaie; ikuspegi honetan, teknikak ezinbesteko bitartekoak dira egiten jakitea leloari atxiki ahal izateko. Hala ere, konpetentzien ereduari leporatzen zaio sistema globalizatu neoliberalaren interesei soilik erantzutea, sistema hori baita une honetan mundua ‑hezkuntza sistema barne‑ kontrolatzen duena. Baina, ezagutzarik gabe, pentsamendu kritikoa alferrikakoa da.

Halako argudioek muga ideologikoak ere gainditzen dituzte batzuetan, lubakiaren beste aldeko planteamenduekin nahasiz.

Hausnarketen eta eztabaiden premia zein balioa onartzen ditugun arren, horiek ez gaituzte asebetetzen Euskal Herriak beharko lukeen hezkuntza-sistemari pentsatu bat ematerakoan. Gakoa da, gure ustez, sistema hori zertarako nahi dugun finkatzea, eta horrek markatuko du nolakoa izan behar duen.

Nolako Euskal Herria, halako hezkuntza-sistema

Ez dago hezkuntza-eredurik abstrakzio hutsa edo gizartez kanpokoa denik. Hezkuntza ereduek beren gizarte-premiei edota hainbat botere-talderen interesei erantzuten diete. Hortaz, XXI. mendeko Euskal Herriak, nolako hezkuntza sistema behar duen galderari erantzun baino lehenago, beste galdera bati egin beharko litzaioke aurre: Nolako Euskal Herria nahi dugu XXI. mendean? Nolako gizartea nahi dugu hurrengo belaunaldiarentzat? Izan ere, etorkizun hurbilerako hobetsiko dugun gizarte ereduak bere neurriko hezkuntza-sistema eskatzen du gaur egun.

Hartara, egungo hezkuntza sistemak landu beharko lituzkeen edukiez hausnartzen hasteko, bihar-etziko Euskal Herriarentzat lehenesten ditugun balioak aintzat hartu beharko dira, ezinbestez. Izan ere, herri bezala dugun jomugarantz abiatzeko, hezkuntza sistema oso lagungarri suerta daiteke. Alegia, heziketa mota baten edo bestearen aldeko hautua Euskal Herriak dituen helburuen arabera definitu beharko genuke. Azken buruan, haur eta gazteen heziketa, jomuga horren menpe ulertu behar da, ez zerbait autonomo bezala.

Hobekuntzarako palanka

Hezkuntzaren garrantzia handia da eta dituen helburuak askotarikoak. Adibide batzuk gogorarazi aldera, hurrengoak aipatuko ditugu: jakintzarekiko interesa eta maitasuna piztu eta elikatzea, pertsonen garapen integrala eta etikoa bultzatzea, gizartearen hobekuntzaren aldeko kritikoak eta konprometituak diren herritarrak heztea, aukera-berdintasuna eta gizarte-ekitatea bilatzen laguntzea, eta abar. Gainera, hezkuntza-sistemak lagundu behar du produkzio-eredu berri eta justuagoa sortzen, ingurumena errespetatu eta guztiontzat bizimodu duinagoa eraikitzen lagunduko lukeena.

Gaurko mundu globalizatuak, ordea, krisi ekonomiko eta sozialak, injustiziak, desberdintasunak, diskriminazioak, ustelkeria, gerrak eta gizaki askoren sufrimendua onartzen edo, egitez edo omisioz, eragiten ditu. Dinamika horretan espezie biologiko zein kultural asko (hizkuntzak barne) suntsituak suertatzen dira. Joera horiek posible egiten dituzten balioak lekutan daude Euskal Herriko hezkuntza sistemak landu eta hedatu behar dituenetatik. Gure hezkuntza sistema izan daiteke palanka ‑edo palanketako bat‑ euskal gizartea eta bere bizi-baldintzak hobetzeko.

Gizarte Berrikuntza bidaide

Euskal Herrirako nahiko genukeen hezkuntza sistemaz hausnartzeko ibilbidean Gizarte Berrikuntza gurutzatzen da. Kontzeptu horren baitan korronte eta interpretazio ezberdinak agertzen dira, egungo botere ekonomiko/politikoaren mesedetan pentsatutakoak zein horren kontra doazenak. Horien arteko bereizketa ahalbidetzeko Gizarte Berrikuntza Eraldatzailearen formulazioa agertu zen, zeinak, egungo gizartea irauliz, aldaketa sakona eta orokorra aldarrikatzen duen; hala nola oinarrizko balioetan, botere politikoan zein ekonomikoan, edo giza eta gizarte harremanetan. Azken buruan, bestelako mundu bat.

Beraz, galdera estrategiko bati erantzun beharko diegu: balio berriak bultzatuko lituzkeen hezkuntza sistema eraiki nahi badugu, horren balio kritikagarriak dituen egungo gizarte globalizatutik abiatu daiteke ala, aldiz, horretarako ezinbestekoa da beste gizarte eredu bat eraikitzea?

Hezkuntza sistemaren eta gizartearen arteko loturaz jabetuta, gizarte berri bat bultzatu beharko da haurrak balio berrietan hezi ahal izateko? Baiezkotan, Euskal Herrirako nahiko genituzkeen hezkuntza-balioek eta Gizarte Berrikuntzaren balioek eskutik hartuta joan beharko dute, nahitaez.

Baliotan hezi

Zer da balioetan heztea? Balioak erreferentziazko patroi edo arauak dira; helburuak eta horien arabera jokatzeko irizpideak ezartzen dituenak. Gizabanakoen balio sistema haien komunitatean nagusitzen diren bizimoldeei zuzenki loturik dago. Historian zehar balioen esanahia aldatuz doa eta, horrela, gizatalde eta denbora jakinen arabera, balio zehatz batzuk lehenesten ditugu, beste komunitateenak edo beste garaietakoak baztertuz edota gaitzetsiz. Beraz, ez dago balio absoluturik edo, denboraren gainetik, betiko irauten duen balio unibertsalik.

Hala ere, gaur egun badaude balio batzuk munduan barna inor gutxik ukatuko edo zalantzan jarriko lituzkeenak, hala nola elkartasunarena, justiziarena, berdintasunarena eta abar…, nahiz eta, kulturen arabera, horiek gauzatzeko moduak ezberdinak izan. Horien arteko batzuek garrantzi berezia hartu dute XXI. mendeko Euskal Herrian. Adibidez, kulturen eta naturaren espezie-aniztasuna babestu eta iraunaraztearena, ezberdinen arteko elkarbizitza harmoniatsua bultzatzearena, bazterketa gaindituko duen sistema inklusiboa eraikitzearena… Eta ezin ahaztu Euskal Herrian gaur egun aldarrikatzen diren berariazko balioak ere: gure izaera, kultura eta hizkuntza suspertzea eta horiek osasuntsu biziraun daitezen baldintza egokiak sortzea. Amets horiek partekatuak dira, oro har, Gizarte Berrikuntzak aldarrikatzen dituenekin.

Irakaskuntza publikoa indartu

Hezkuntzarako eskubidea berdintasun-baldintzetan gauzatuko bada irakaskuntza publikoa indartu beharko da. Hezkuntza publikoa da hezkuntzarako eskubidea hobekien berma dezakeena, gizarte kohesioa ziurtatuz. Herritar informatuak eta kritikoak eraikitzeko asmoz eta dogmarik gabeko hezkuntzaren bitartez, kontzientzia askatasuna errespetatuko duen eta doktrindua ezabatuko duen hezkuntza sistema baten baitan.

Guztiontzako kalitatezko eta doako eskola bereziki herri-administrazioek berma dezakete, inklusioa euskal ikastetxe publikoaren jomugatzat hartuz. Bereziki kanpoko bizilagun berriak gero eta ugariagoak direnean.

Azken gogoeta

Euskal Herriko hezkuntza sistema bideratzeko, gure herriko erregimen sozio-ekonomikoa ere birbideratu eta, neurri batean, aldatu beharko da. Hezkuntzaren egungo mugak eta arazoak ez dira soilik neurri teknikoekin edo paradigma pedagogikoen eskutik konponduko. Ezin da hezkuntza benetan aldatu gizartea ukitu gabe.

Iturriak:

Beluche, Olmedo (2019). La sociedad y los modelos educativos. http://www.sinpermiso.info/textos/la-sociedad-y-los-modelos-educativos

Iglesias, Ruben (2006). Nola eta nork erabakitzen du zein baliotan hezi haurrak? Hor ere manipulatzen al da? http://www.hikhasi.eus/Artikuluak/20060301/nola-eta-nork-erabakitzen-du-zein-baliotan-hezi-haurrak-hor-ere-manipulatzen-al-da

Lasa Altuna, Eusebio (2018). Berrikuntza Sozial Eraldatzailea: Gipuzkoako Lurralde Historikoko gizarte zerbitzuen gobernantzari buruzko azterketa. Doktorego-tesia. Euskal Herriko Unibertsitatea. https://addi.ehu.es/handle/10810/32003

Martínez de Luna, Iñaki (2019). Euskalgintzaren nondik norakoak: gogoeta bat. BAT Soziolinguistika Aldizkaria 112 - 2019 (3). http://www.soziolinguistika.eus/node/7047

Moreno, Agustín (2017). Reino de España: Propuestas para un pacto educativo tras la derogación de la LOMCE. https://www.cuartopoder.es/ideas/2017/02/21/propuestas-para-un-pacto-educativo/1848/


Eusko Jaurlaritza

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

2020-ko BESTE ERANTZUNAK