Urteko galdera

Jose Ramon Etxebarria Bilbao / EHU eta UEU-ko irakasle-ohia

2021/02/09

Jose Ramon Etxebarria Bilbao / EHU eta UEU-ko irakasle-ohia

Has gaitezen hausnarketa hau konstatazio historiko orokor hau eginez: hainbat mendetan zehar Espainia eta Frantziako hezkuntza-sistema nazionalek Euskal Herriko gizartea kolonizatzen saiatu dira etengabe eta sistematikoki, hizkuntza, hezkuntza eta kulturaren arloetan. Aldi berean, mende horietan guztietan, kolonizatze-prozesuari horren aurkako indar herritar bat izan da beti, garaien arabera txikiago edo handiagoa izan dena, eta erresistentzia jarri diona kolonizazio bortxatzaile horri, erabateko kolonizazioa saihesteko.


Aspalditik dator kolonizazio kultural espainiar-fratziarra

Frantziako hezkuntza-sistema nazionalaren izaera ulertzeko, iraultza frantsesaren garaietara jo behar dugu abiapuntu modura. Hizkuntzari dagokionez, aipagarriak dira Irakaskuntza Publikorako Batzordeko Henry Grégoire-k 1794an idatzitako helburuak:

On peut uniformer le langage d’une grande nation… Cette entreprise qui ne fut pleinement exécutée chez aucun peuple, est digne du peuple français, qui centralise toutes les branches de l’organisation sociale et qui doit être jaloux de consacrer au plus tôt, dans une République une et indivisible, l’usage unique et invariable de la langue de la liberté.

Bestalde, Espainian XIX. mendearen lehenengo erdialdean abiatu zen hezkuntza-sistema nazionala sortzeko ahalegina, 1812ko Cadiz-ko Konstituzioarekin hasi eta 1858ko Moyano legeak finkatu zuena. Sistema horren oinarriak laburbilduz, bi testu labur hauek aukeratu ditut:

Que el plan de la enseñanza pública sea uniforme en todos los estudios, la razón lo dicta, la utilidad lo aconseja, y la Constitución, de acuerdo con ambas, indispensablemente lo prescribe…

Debe ser una doctrina en nuestras escuelas, y unos los métodos de enseñanza, á que es consecuente que sea también una lengua en que se enseñe, y que esta sea la lengua castellana.

Uniformizazioaren eta kolonizazioaren definizio zehatzagorik egin ote daiteke? Txarrena ez da testu horiek aspaldi idatziak izatea, baizik eta gaur egun indarrean eta nagusi irautea Espainiako eta Frantziako estatuen administrazioetan.


Neure burua deskolonizatzen hasteko lehenengo pausoak

Nolanahi dela, badirudi euskal herritar gehienak gutxitan arduratu direla serioski etengabeko kolonizazio horren izaeraz, eta, oro har, egoera normaltzat onartua izan dutela, inolako bortizkeriarik ez balekar bezala.

Ni neu ere ez nintzen arazo horretaz jabetu hamazazpi urte ondo beteak izan nituen arte. Nola? Hara! Unibertsitate kolonizatzaile arrotz batera iritsi nintzen Bilbora, 1965ean, frankismo sakonaren garaian, Bizkaia Valladoliden unibertsitate-barrutian zegoenean. Bilboko ingeniaritza-eskolan laster konturatu nintzen eremu kolonizatu batean bizi nintzela, deserrian, neure herrian egon arren atzerrian eta iheslari banintz bezala sentitu bainintzen. Baina egoera ezeroso hark euskalduntasunaren kontzientzia piztu zidan, eta neure burua deskolonizatu beharraz jabetzera eraman ninduen.


Ikastola-mugimendua hezkuntza-sistema propioaren abiapuntua

Ordurako abiatuta zegoen ikastola-mugimendu herritar erdi-klandestinoa, euskarazko irakaskuntza proposatzen zuena, mende hasierako ikastoletan jarritako hazi lurperatua ernetzen hasita. Hala, harremanean jarri nintzen helduei euskara irakasteko eta euskaraz alfabetatzeko abian zen Santutxuko gau-eskolen mugimenduarekin. Gauzak horrela, ikastolen eta gau-eskolen mugimenduetan, bietan, aurkitu nuen deskolonizaziorako bide egingarria: euskaraz garatuko zen hezkuntza-eredu propioa.

Ikastolako guraso euskaltzaleen ingurura iritsi nintzen 1970-71 ikasturtean, hamar-hamaika urteko seme-alabei zientziaren arloko gaiak euskaraz azaltzeko irakasle bila zebiltzala. Esperientzia “artisanal” hartan, ikasleentzako testuak prestatzen hasi behar izan nuen, eskuz idatziak eta fotokopiatuak, ez baitzegoen zientzia-arloan euskaraz idatzitako ikasmaterialik. Orduan jabetu nintzen irakaskuntzarako testu egoki eta homologatuen garrantziaz, eta hezkuntza-sistema propioa sortzekotan, azpiegiturako ikasmateriala behetik goraino landu beharraz, mailaz maila.  


Udako Euskal Unibertsitatea, deskolonizaziorako ekimena

Lanean hasita nengoen jadanik Bilboko unibertsitate sortuberrian, eta bertatik harremanetan hasi nintzen kezka eta helburu berberaz ziharduen Donostiako EKT taldearekin, handik gutxira Elhuyar taldea sortu eta gaur arte lanean bizirik eta lanean jarraitzen duena. Ekimen kolektiboa zen gurea.

Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) erakutsi zigun unibertsitatea deskolonizatzeko bidea. Ipar Euskal Herrian sortua (1973an), bertan konturatu nintzen euskara hezkuntza-sistemaren eremu guztietara eraman beharraz, alegia, unibertsitateko maila guztietako komunikazio, administrazio, argitalpengintza, irakaskuntza eta ikerkuntzara; gainera, UEUk argi utzi zuen hasieratik bertatik Euskal Herriko lurralde guztietarako unibertsitate-barrutia behar zela, lurralde osoko ikasle-irakasleak eta gainerako langileekin: Euskal Herrian sortu, pentsatu eta kudeatutako sistema propio burujabea.

Ezaugarri horiez guztiez gain, benetan berezia bihurtzen zuen osagaia zeukan UEUk: ekimen guztietarako hizkuntza bideratzailea euskara izatea; esango nuke horixe dela deskolonizatzeko elementu funtsezkoena. Horregatik, 2021. urtean gaudela, hezkuntza-sistemaren unibertsitatea osatzeko, UEU eredu potentzial egokia dela uste dut; izan ere, hezkuntza-sistema propioak beharrezko dituen azpiegiturak sortu, landu eta garatu baititu bere bizitzako mende-erdian:

  • Unibertsitaterako irakasmateriala sortzeko kalitatezko argitalpen-zerbitzua.
  • Ikerkuntzako lanak agerian jarriko dituen aldizkari zientifikoen argitalpena, hala nola Uztaro eta Aldiri aldizkariena.
  • Komunitate zientifiko euskalduna biltzeko eta harremanetan jartzeko IkerGazte kongresuen antolakuntza eta  Artizarra elkargunea.
  • Produkzio zientifikoaren katalogazioa eta informazioa (Inguma datu-basea).


Irakaslego propioaren aldeko mugimendua, hezkuntza-sistema propioaren aldeko ekimena

Aldi berean, Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) irakasle-estilo berria sortu nahi genuen: herritarra, demokratikoa, ez-elitista, publikoa baina ez-funtzionariala, ikertzailea, bertokoa… eta bereziki, euskarazkoa. Pasa den mendeko laurogeiko harmarkadako borrokaldi zabalagoen zurrunbilotik abiatuta (espainiar estatu osoko PNNen mugimendua, kasu), EHUn mugimendu espezifikoa gauzatu zen prozesu berezi eta luze batean ¾irakaslego propioaren aldeko mugimendua¾, zeinean buru-belarri inplikatu nintzen.

Orain planteatzen ari garen Euskal Herriarentzako hezkuntza-sistema propioaren irakasle eta ikertzaileak antolatzeko ekimena izan zen. Bide batez esan daiteke ezen Eusko Legebiltzarrean 2004an onartutako Euskal Unibertsitate-Sistemari buruzko legearen inspirazio-iturri eta abiapuntua izan zela. Dena den, lege horrek bere mugak ditu, benetako burujabetzarik adierazten ez duelako, betiere Espainiakoaren konstituzioaren ¾eta epaileen erabaki interesatuen¾ menpe dagoelako. Horrexegatik, hezkuntza-sistema propioa eraikitzeko, funtsezko osagaia da Euskal Herri osoak burujabetza izatea, hezkuntzaren arloan bederen.   


Hezkuntza-sistema propioaren bereizgarririk funtsezkoena, hizkuntza propioa erabiltzea da: euskara

Hausnarketa hau osatzeko, bizpahiru ideia lingua francaren “unibertsaltasunaz” edo/eta “inposizioaz”, irakaskuntzan eta ikerkuntzan. Ados egon gintezke esatean ezen zientzia eta jakintza unibertsalak ez badira, ez direla ez zientzia, ez jakintza. Baina horrek esan nahi ote du ikerketaren emaitzak ingelesez bakarrik argitaratu behar direla? Ingelesez argitaratuta soilik ote dute balio unibertsala? Inperioaren lingua franca ote da “unibertsal” bakarra? Zer gertatuko da itzultzaile automatiko bikainak eskura izatean? Jadanik daudenak ere ez dira makalak.

Ene ustez, jakintzaren eta zientziaren unibertsaltasuna ez dago hizkuntza bakarra erabiltzean, alderatzizko kontzeptuan baizik, hots: hizkuntza guztietan adieraz daitezkeen eta argitaratzea merezi duten jakintza eta zientzia dira unibertsalak. Hizkuntza minorizatuetako ikertzaileok geure hizkuntzan argitaratutakoek ez ote dute balio unibertsalik? Ez ote ditugu geuk balioetsi behar? Ene iritziz, Euskal Herriak behar-beharrekoa duen hezkuntza-sistema propioak oso kontuan izan behar du arazo hori.

Gaur egun zabalki onartuta dagoen Terminologiaren Teoria Komunikatiboak argi adierazten du hizkuntza propiotik ekarpen unibertsala egiten dela. Termino zientifiko-teknikoak hizkuntza naturala dira: arlo desberdinetako jakintza eta zientzia lantzean, espezialistek aktibatzen dituzte terminoak. Bestela esanda, terminoak espezialisten erabileran jaiotzen eta garatzen dira; espezialistek aktibatzen ez badituzte, jaio gabe geratzen dira. Horrexegatik da garrantzitsua eguneroko praktikan, ahozkoan eta idatzizkoan, edozein jakintza-arlotan hizkuntza propioa modu naturalean erabiltzea.


Hezkuntza-sistema propioaren ezaugarri behinenak

Laburbilduz, hauexek lirateke, ene ustez, Euskal Herrian  XXI. mendean eraiki behar dugun Hezkuntza-Sistema Propioaren ezaugarri behinenak:

  • Euskarak behar luke izan harreman arrunteko komunikazio-hizkuntza irakaskuntzan, ikerkuntzan, administrazioan eta azpiegiturako zerbitzuetan.
  • Euskal Herriko lurralde guztiak bildu beharko lituzke bere barrutian.
  • Hezkuntzako maila guztiak antolatu, definitu eta ezartzeko eskumena izan beharko luke.
  • Burujabetza kultural osoa eduki behar luke maila desberdinetan antolatzeko eta curriculumak zehazteko.
  • Argi eduki dezagun: Euskal Herriak sistema politiko egokia izateko eskubidea du, hezkuntza-sistema hori ezartzeko ahalmena izateko eta bermatzeko, Espainiak eta Frantziak eskubide hori mugatzeko ahalmenik izan gabe.

Ez dezagun ahantz: geure hezkuntza-sistema propioa geuk eraikitzen ez badugu, ez da sekula horrelakorik izango.


Eusko Jaurlaritza

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

2021-ko BESTE ERANTZUNAK