Urteko galdera

Naiara Berasategi / Bilboko Hezkuntza Fakultateko irakaslea eta KideON ikerketa taldeko kidea

2020/06/03

Naiara Berasategi / Bilboko Hezkuntza Fakultateko irakaslea eta KideON ikerketa taldeko kidea

Euskal Herrirako zein motako hezkuntza nahi dugu XXI. menderako? Egungo egoerak COVID-19 dela eta aukera paregabea eskaini digu dugun hezkuntza ereduaz hausnartzeko. Hezkuntza garrantzitsua dela ezin uka eta pertsonak hezkuntzaren bidez garatzen goazela arlo desberdinetan ere ala da. Baina nolakoa izan behar du hezkuntza honek? Orain artean curriculum tradizionalak markatu ditu gure eskoletako jarraibideak eta ikasgai instrumental direnei izugarrizko garrantzia eman zaie “bestelako garrantzia” duten ikasgaiak zokoratuz edo alboratuz. Edukietan eta ikasgaietan zentratutako ikaskuntza eredu bat sustatu da, memorizazioa oinarri izan duena, eta hoberenean, praktikotasuna, hausnarketa eta kritikotasuna bigarren mailakoak kontsideratu dituena. Baina benetan egungo haurrak, nerabeak eta gazteak edo jendarteak oro har gizarteak eskatzen dituen beharrei erantzutea nahi badugu paradigma tradizionala gainditutzat eman behar da eta bestelako ikuspegia zabaldu beharra ezinbestekoa da.

Hezkuntza eredu bertikal batetik, hezkuntza eredu inklusibo batera saltoa ematea ezinbestekoa da, baldin eta guztiontzako aukera berdinak eta hezkuntza eskubidea bermatu nahi badugu. Ikasle oro barne hartuko lukeen ereduak behar ditugu,  ikasleen errealitate anitzetara egokituko litzatekeena, euren beharrei kalitatezko erantzun bat emanez, eta guztiontzako hezkuntza eskubidea bermatuz. Honek nahitaez zahurgarriagoak diren horietan, hezkuntza premia berezia dutenengan arreta jartzea dakar eta curriculum homogenoetatik eta itxietatik haratago, curriculum irekiak eta malguak bultzatu beharko lirateke, malgutasuna, besteak beste, helburuetan, edukietan, metodologietan eta ebaluazioan. Honekin lotuta ere baloreei erdigunea eman litzaieke curriculumean, era transbertsalean laduz ere, ikasleen eta irakasleen artean, berdinen artean, elkarkidetza, laguntasuna, kooperazioa eta solidaritatea bezalakoak bultzatuz eta sustatuz. Berdinen arteko harreman osasuntsuak bideratuko lukeen hezkuntza baten alde egin beharko genuke, inongo diskriminaziorik onartuko ez lukeena.

Edukiari ez ezik moduari ere garrantzia emango liokeen hezkuntza sistema beharko genuke. Metodologia kooperatiboak, dialogikoak, kolaboratiboak eta talde lana sustatzen dutenak erdigunean jarri beharko lirateke, ikaslea ikaskuntza prozesuaren erdigunean jarriz, subjektu aktibo bihurtuz eta euren parte-hartzea bultzatuz. Era berean ikuspegi praktikoari eta egiten ikasteari garrantzia ematea, proiektuen bidezko ikaskuntza, arazoetan oinarritutako ikaskuntza, tertulia dialogikoak edo bestelako metodologia aktiboak uztartuko lituzkeena. Baita ere, haurretan jolasaren garrantzia erdigunean jarriko lukeena, jolas libreak sortzen dituen ikaskuntza prozesuez jabetuz eta berau ikasketarako oinarri nagusi bilakatuz. Honi lotuta, espazioak eraldatu beharko lirateke, “pupitre-ikasle” egitura zaharkitu batetik espazio irekietara, leku berdeetara, irakurtzeko edo ikasteko sofak egongo diren leku batetara salto eginez. Eguna yoga, mindfulness praktika edo hausnarketa gai batekin hasi daitekeena.

Hezkuntza eredu horizontala bultzatu beharko litzateke, irakasleak ikasleak entzun beharko lituzke, laguntza eskaini eta eurengan sinetsi, prozesuaren bidelagun bihurtuz eta ikaskuntza esanguratsu, sortzaile eta motibagarri bat bultzatuz. Era berean, eskola irekia izan beharko luke irekia bere ingurura, komunitatea sendotuz, gurasoen, herriko elkarteen, eragileen, bolondresen eta bestelakoen parte-hartzea bultzatzen duena, eta errekurtso zein baliabideak partekatzen dituena. Hezkuntza formala ez ezik hezkuntza informalaren arteko loturak sustatu eta azken honek daukan garrantzia ere aitortuz.

Hezkuntza sistema euskalduna izan beharko luke, euskal kultura erdigunean jartzen duena eta tokian tokiko euskal kultur erakusleak bultzatzen dituena. Hizkuntza aniztasunarekiko abegizko ikuspegia duena eta hizkuntza gutxituen aldeko baloreak ere sustatzen dituena, kultur eta hizkuntza aniztasuna sustatuz, eta hizkuntza eredu ekologiko baten alde eginez.

Curriculumak ikuspegi integrala kontuan hartuz eraiki beharko lirateke eta honek dimentsio interdisziplinarra bultzatu beharko luke pertsonen ongizatea bultzatuz eta plano sozialari, emozionalari, psikologikoari eta fisikoari dagokion tokia eskainiz. Eduki emozional, espiritual, baloreen hezkuntza, jarduera artistiko eta fisiko gehiago beharko lirateke. Laburbilduz, XXI. eskolak inklusiboa izan beharko luke, euskalduna eta pertsona ororen garapen integralean lagundu beharko luke.


Eusko Jaurlaritza

Partekatu
Facebook Twitter Google Whatsapp