Urteko galdera

Mila Amurrio / UPV/EHUko Soziologia irakaslea eta ikerlaria

2021/04/22

Mila Amurrio / UPV/EHUko Soziologia irakaslea eta ikerlaria

Euskal Herriaren etorkizuneko hezkuntza sistemaz hausnartzea arazo sozialez eta etorkizunaz arduraturik dagoen edozein euskal herritarrarentzat interes handiko eztabaida delakoan nago. Hezkuntza Sistemaz ari garela kontzeptu hori ezaugarritzen duten gako  batzuek zein sortutako testuingurua aintzat hartzeari funtsezkoa deritzot. Jakina, hurrengo lerroetan gako guztiak barik gutxi batzuk baino ez ditut aipatuko, ene ustez beharrezkoak direnak gogoeta kokatzeko.

Europako hezkuntza sistemak nazio estatuen baitan sortu ziren eremu politikoan zein sozialean osagai egituratzaile gisa, industria-gizartearen beharrizanei erantzunez. Tokian tokiko ekimenek zein erlijio konfesio desberdinek  sortutakoak ere izan dira. Horiek guztiek hezkuntzaren unibertsalizazioa eta demokratizazioa progresiboa ekarri dute Europako gizarteetan, Ongizate- estatuen funtsezko oinarrietako bat bihurtuz.

Gizarte kohesioa, aukera berdintasuna eta integrazioa ziren Europako hezkuntza politiken helburu, egun badirudi balio horiek atzean gelditzen ari direla, eta lehiaketa eta lehiakortasun ekonomikoa ordezkatzera datozela. 2000. urtean Lisboan izandako Europako Kontseiluak honakoa aitortu zuen: ekonomiaren eraldaketak hezkuntza sistemetan aldaketak eskatzen zituela; milurteko berria etorri zen, izan ere,  aldaketa horien hasierarekin, batez ere, unibertsitatearen eremuan, zehatz-mehatz Europar Goi Mailako Hezkuntza Eremuaren  sorrerarekin.

Eraldaketa ekonomikoarekin batera beste aldaketa sozial, politiko eta kulturalak gertatu izan dira Europan azken urteetan, eta aldaketa sakon horiek guztiek hezkuntza sistemetan inpaktu handia izan dute, berez, izaten diren arazoak biderkatuz. Horietako  batzuk konpartituak dira, esaterako:

  • Herritar guztien prestakuntza komuna den Bigarren Derrigorrezko Hezkuntzan errendimendu eskasa
  • Hezkuntza sistema eta produkzio sistemaren arteko erlazio ahula
  • Informazio eta ezagutzarako teknologia berriaren sarrera eskola munduan, baita kultura eta soziabilitate modu berriak ere
  • Etorkinen sarbide masiboak dakartzan arazoak eskoletan
  • Egonkortasuna eta ordenaren haustura ikastetxeetan, besteak beste, ikasleen arteko zein ikasle eta irakasleen arteko indarkeria zantzuak

Europar hezkuntza sistemen aniztasunak irtenbide desberdinak eskaintzen ditu, bi lan ildo nagusiren baitan:

  • Kudeaketa eta erabaki guneak kokatuz zentralizazio-deszentralizazio politiketan
  • Irakaskuntzaren ereduak eta horien araberako ikastetxeen antolaketa: eredu ulerkorrak  eta beste batzuk

Irtenbide horien norabidea ezartzen duen helburua honakoa litzateke: hezkuntza gehiago eta kalitate handiagokoa izatea  gizarte berdintasun gehiago lortze aldera. Norabide horretan kokatu dezakegu Belgika, Alemania, Portugal eta Herbehereak bezalako herrialdeetan derrigorrezko hezkuntza 18/19 urtera arte luzatu izana, esaterako.

Oso modu arinean deskribatutako testuingurua bada ere, gure gogoeta hor kokatzeari interesgarri oso deritzot.  Era berean, Euskal Herriko hezkuntza sistemaren etorkizunari buruz aritzeak iraganeko zein egungo hezkuntzaren errealitateari begira jartzea eskatzen du, jakina, ur sakonetan sartu gabe.
 

Euskal Herriko hezkuntzaren iraganari, orainari eta geroari begira

Estaturik gabeko nazioen lurraldeetan ezarri eta garatu dira nazio estatuen erabakiguneetan diseinatutako hezkuntza sistemak. Euskal Herriaren kasuan, jakina denez, Frantziako hezkuntza sistemak iparraldeko gizartean eta Espainiakoak hegoaldeko gizartean ezartzeak euskara eta euskal kultura zapaldu zituen denbora luzez. Une historiko bakoitzean egoera horiei aurre egiteko herritar zein berezko instituzioen irakaskuntza-ekimen desberdinak garatu ziren, batik bat, XX. mendean zehar. Horietako esanguratsuena dugu ikastolen mugimenduaren sorrera. Ikastolen sareak Europa mailan hezkuntzaren eredu zentralizatuen duten nazio estatuei espazio ostu eta euskarazko eskolatze unibertsalizatzeari ekin zion euskal lurraldeetan, 1970eko hamarraldian lortutako matrikulazioak erakusten duen moduan (1979/80 ikasturtean  60.529 ikasle Euskal Herri osoan). Hamarraldi horren hasieran ere, 1972an, euskal unibertsitate sortzeko asmoarekin  antolatu zen Udako Euskal Unibertsitatea(UEU). Hurrengo hamarkadan Hego Euskal Herrian izandako aldaketa politikoak ahalbidetu zuen euskarazko eskolatze unibertsalizazioari ekitea indar handiagoarekin, ikastolen sareari gehitu baitzitzazkion eskola publikoan ezarritako D eta B hizkuntza-ereduak Euskadi Autonomia Erkidegoan (EAE) eta zonaldeka  ezarritako hizkuntza-ereduak Nafarroan (beranduago, 1996/97 ikasturtean, Iparraldean Ikas-bik ekin zion elebitasun bidea zabaltzeari eskola publikoetan ere). Idatzi honetan sakontasunez azaldu ezinezko gatazkaz beteriko garaia izan zen, baita hezkuntza eremuan ere, eta azken hori EAEn 1993ko Euskal Eskola Publikoaren legeak areagotu zuen. Lurralde horretako ikastolek sare publikoan sartzeko edo sare pribatuen gelditzeko erabaki behar izan zuten. Esan bezala, Espainiako hezkuntzaren sistema dualean, publiko-pribatua(kontzertatua), hirugarren sarerik ezin zen egon-eta. Lege hark, abertzaleen artean, harrotutako hautsen zantzuak oraindik orain egungo eztabaidan ageri dira.

Egun euskarazko irakaskuntza errealitate sendo bat da, Euskal Curriculuma, administrazio ezberdinek ezarritako curriculum ofizialek mugatzen badute ere, Euskal Herriko ikastetxe askotan jorratzen da, jakina lurralde administratiboen arteko aldeak alde. Unibertsitatean ere euskarazko irakaskuntza zabaldu egin da, batik bat Euskal Herriko Unibertsitatean, non euskaraz lan egiten duten irakasle eta langileen nahiz euskaraz ikasten duten gazteen kopurua nabarmen handitu baita.  

Alabaina, hezkuntzarekiko kezka zabaldu da hezkuntza komunitate delako hori osatzen duten eragile guztiengan (gurasoak, irakaskuntzako irakasleak,  ikastetxetako gainerako langileak baita herritarren artean ere). Horren erakusle dira ikastetxe guztietan nabari diren joera berriak, besteak beste, pedagogia aktiboekiko atxikimendua, hezkuntza ez formalari emandako garrantzia edota eskola esperientzia alternatibo eta eskola libreen hedapena. Hezkuntzarekiko kezka batzuk gureak dira, beste batzuk, aldiz, Europako gainerako gizarteekin partekatuak. Gure kezkei erantzunez etorkizuneko hezkuntza sistemak eskaini beharko luke euskal gizartearen kohesioari begira herritar orok partekatu beharreko gutxieneko zorua, euskara, euskal kultura eta balio demokratikoak izanik ezinbesteko osagai zoru horren eraikuntzan. Izan ere, Euskal herriko lurralde guztietan ez dago bermaturik euskara ikasteko eskubidea ezta euskal kurrikuluma jasotzeko eskubidea ere.

Eleaniztasuna eta kultur aniztasuna egungo euskal gizartearen kohesioari begira funtsezko osagaiak ere badira. Euskal Herriaren diglosiaren paisaiari gehitu behar zaizkio globalizazioak eta nazioarte mailako migrazioak ekarritako hizkuntzak, batik bat, ingelesa goi mailako hezkuntzan lingua franca bihurtu baita. Halaber, kanpotik etorritako herritarren seme-alabak eskoletan matrikulatzeak kultur aniztasunaren errealitatea gure etxeetaraino ere ekarri du. Baina, aberastasun gisa ikusia izan bada ere, zenbait eskoletan gertatu den konzentrazioari erantzun egokia emateko baliabide faltak segregazio prozesuak eragin ditu hainbat hiriguneetan. Are gehiago, gurean erabilitako eredu integralak ez du arrakasta handirik izan, irakasleen esanetan. Eskola,  kohesio maila nahikoa duen euskal gizartea eraiki ahal izateko, homogeneotasun eta aniztasun arteko oreka desegonkor moduren bat bilatzeko prestatu beharko dugu.

Ezegonkortasun handiko garaietan bizi gara, beraz, gizarte kohesioa dinamikoa eta prozesu gisa ulertu beharra dago. Jakina, horrek curriculumaren edukia sarritasun gehiagorekin berrikustea ekarriko luke: gizartean parte hartzeko funtsezko gaitasunak, balio demokratikoetan oinarritutako hezkuntza, egungo gizarte desberdintasunak, klase, genero, arraza, etnia, sexu orientazioa e.a., eta horien arteko gurutzaketak dakartzan ondorioak pertsonen bizi baldintzetan, hau da, herritarren eguneroko bizitza errealarekin zer ikusia daukaten edukiak. Era berean, irakaskuntza-ikaskuntza metodologiak berrikusi beharko dira. Hori guztia, ikasleak prestatzeko eskolatik at jardun dezaten eraginkortasunaz aldakorra oso diren gizarte hauetan.

Europako testuinguruaren aurkezpenean  aipatu da hezkuntza gehiago eta kalitate handiagoko hezkuntza izatean gizarte-berdintasun gehiago lortu daitekeela. Helburu hori bereziki garrantzitsua da bizi garen ezagutza gizarte honetan, non gertatzen ari den eraldaketak ekonomikoek inoiz baino desberdintasun handiago sortzen baitituzte.  Europako herrialde batzuetan egin duten bezala, guk ere derrigorrezko hezkuntzaren ibilbidea luzatu beharko genuke, herritar guztien prestakuntza komuna hobetze aldera, hezkuntza sistema malguago batean. Sistema malgu horren baitan ikastetxeek benetako autonomia izan beharko lukete, halaber, gizarte-erronka berriei aurre egiteko lidergo eta pertsonen arteko harremanetarako gaitasunak dituzten zuzendaritzak eratu beharko lirateke.

Kalitate handiagoko hezkuntzaz ari garela ezinbesteko eta funtsezkoa den eragile dugu irakasleria. Irakasleen hasierako zein etengabeko prestakuntza egungo errealitate sozialetara egokitu beharra dago. Ikasleen ikasketa ibilbidean bidelagun izatea ikasteaz gain, ikastetxeetan eta geletan agertzen diren arazo sozialak kudeatzen ere jakin beharko dute, baina jardun hori ezin da izan irakasle isolatu baten lana, horrelako erronkei aurre egiteko irakasle-taldeak eta eskola-taldeak osatu beharko dira. Egungo hezkuntza sistemetan irakasleen artean dagoen ezinegona oso hedatuta dago, batik bat, bigarren derrigorrezko hezkuntzan. Askotan eskatzen zaizkien gaitasunek edozein gizakiren mugak gainditzen dituzte-eta. Joera hori aldatu egin behar da, merezi duten  gizarte-onarpena emateaz gain, soldata eta lan baldintza onak bermatu beharko zaizkie. Aldi berean, hezkuntza komunitatearen eragileen arteko lokarriak sendotu beharko dira. Horretarako, eskola, irakasle, ikasle eta familien arteko itun berri bat eraikitzeari ekitea ezinbestekoa da.

Gizarte berdintasun gehiago lortze aldera, jatorri sozialak eskola ibilbidean ez eragiteko edo behintzat izaten duen eragina gutxitzeko, zein litzateke hobetsi beharreko antolaketa akademikoa? Ibilbide ezberdinduez antolaturiko eredua non amaierako titulazio desberdinak eskaintzen diren? Ala, orain arteko eredu ulerkorra, non ikasle guztiek helburu berdinekin eta gela berdinetan ikasten baitute, etapa bakoitzeko titulu bera eskuratuz? azken horrek, adituen arabera, hobeto bermatzen du aukera-berdintasuna, eta bai populazioa osoak hezkuntza maila egokiak eskuratzea ere. Nork erabaki beharko luke? Eta curriculumaz, ebaluazioaz, ikuskaritzaz, finantzazioaz edota baliabide ekonomikoen kudeaketaz? Zein izango litzateke lurralde administrazio ezberdinetako maila bakoitzak izan beharreko erabakitzeko boterea?

Urte batzuetatik hona itxaropentsuak diren aldaketa politiko-instituzional batzuk gertatu izan dira, esaterako, Ipar Euskal Herri osoa hartzen duen egituraketa administratibo bateratu baten sorrera: Euskal Hirigune Elkargoa. Erakunde horren eskumenak dira, besteak beste,  Hego Euskal herriarekin elkarlana eta tokian tokiko kultura eta hizkuntzak. Halaber, duela aste gutxi batzuk Frantziako asanblean Hizkuntza gutxituen Legea  onartu da, eta, jakina denez, lege horrek bermatzen du, hain zuzen ere, hizkuntza gutxituen irakaskuntza eskaintza orokortzea eta herriko etxeetan eskaintza hori bermatzen duten ikastetxeak diruz hornitzea.

Etorkizuneko euskal herritarrek egungo gizartetan parte hartzeko hezkuntza-prestakuntza ona izan dezaten garrantzi handikoak dira eskolak gizarte-kohesio maila nahikoa eskaintzea, irakasleen hautaketa zein etengabeko prestakuntza sisteman arreta jartzea, eskola eta ikastetxeen funtzionamendu egokia izatea, hezkuntzaren gizarte-ospea bermatzea, familien engaiamendua eta partaidetza lortzea eskola eta ikastetxeetan, azken batean sistemaren malgutasuna.  Eta, jakina, hori guztia bermatzeko finantzazioa nahikoa. Erabakitzeko ahalmen erreala non egon behar da? eskola eta ikastetxeetan, tokian tokiko administrazioetan eta ikastetxeetatik hurbil dauden esparruetako hezkuntza-koordinaziorako eta -sustapenerako erakundeetan. Hezkuntza politikak deszentralizatuagoa izan behar du, kudeaketa eta erabaki-guneak herritarrengana hurbilduz.

Egun Euskal Herriko administrazio ezberdinen arteko elkarlana garatzeko inoiz baino aukera handiagoak daude, euskal estatu hezitzailearen ezean, balia ditzagun egun ditugun aukera horiek guztiak euskal hezkuntza sistema baten oinarri sendoak ezartzeko!


Eusko Jaurlaritza

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

2021-ko BESTE ERANTZUNAK