Urteko galdera

Nora Salbotx Alegria / Magisteritzan eta Psikopedagogian graduatua. Landa Eremuko Hezkuntzan aditua

2021/10/08

Nora Salbotx Alegria / Magisteritzan eta Psikopedagogian graduatua. Landa Eremuko Hezkuntzan aditua

Mundua mundu egiten duen materiak, gauzek, hezten omen dute deusen gainetik. Halaxe zioen Paolo Pasolinik (1975) Gennariellori -irudikatutako ikasle horri- eskainitako pedagogia tratatu ederrean. Zuk ere, irakurle hori, agian gogoratuko duzu haurtzaroko objekturen bat, eta objektu hori tokiratuta litekeenez, posizionatuta, zure biografiaren pasarteren batean mezu zehatz bat ematen. Akaso gogoratuko duzu ere gauza horrek irakatsi zizuna, mundura ateak zein modutara zabaldu zizkizun eta inguratzen zintuen hartaz ulertzera eman zizuna. Baliteke esneketariarenera ilunabarretan zeneraman aluminiozko esne-pitxerra izatea objektu hura, eskolako kartapazioa, larruzko jaka bat edota igandeetako harizko mahai-oihal finak. Baliteke aitaren lanaldi luzeetako fabrikako buzoa izatea zure orduko eta gaurko jiteen erantzule, amaren militantziari loturiko afixa bat edota halako egun seinalatuan oparitan eman zizuten gailu elektronikoa.

Nirea kaier bat da, Iparraldetik ekarritako pentagramadun kaier berde koadrokari bat, kontserbatorioan erabiliko genuena handik aitzinera. Izan ere, espero zenaren  kontra, gainean zirriborratu, idatzi eta anotatu nituenak baino gehiago irakatsi baitzidaten koaderno horren formek, salneurriak, jatorriak eta gure eskuetara ailegatzeko arrazoiek.

Pasolinik zioen era pragmatikoenean, erantzunezinenean, alternatibarik gabekoenean, zuzenenean, irakasten dutela gauzek eta, ondorioz, mundua irakurtzeko era zehatz bat eskaintzen. Materiaren, gauzen eta pertsonaren arteko semantika propio bat ematen, nolabait  ere.

Uste dut hezkuntzan dihardugunoi urte luzez ahantzi zaigun afera dela hau, eta badagokigula, behingoz, gauzen hezitzailetasunaz hausnartzea, materia eta haren testuinguru historikoaren arteko elkarrizketaz hain zuzen ere. Materia baitira heziguneak eta karrikak, baita edukitzaile erraldoi horiek hornitzeko darabilzkigun objektu eta elementuak, aldika asmo hezitzailez, bertzeetan aldiz, ez. Gisa guztietara, mezuak igorriko dizkigute gauzek, estetikoak eta politikoak, ideiak, jarrerak eta ulerkerak jorratu eta errotuko, zeozer irakatsiko digute beraz. Eta, gaur-gaurkoz, ez da beti ona izanen irakaspena, ontzat jotzen duguna herri hezitzaile, euskaldun, feminista, bizigarri eta bereizkeriarik gabeko bat baldin bada.

Beraz, erronkatzat hartu beharko genuke espazio publikoaren birpentsatzea, karrika, plaza eta heziguneena eta, haiekin, baita hauek hornitzen eta betetzen dituzten gauzena ere, betiere haien hezitzailetasuna (misio estetiko bat ere baduena) kontuan harturik. Hala beharrez komunikazio eta topaketarako espazio potentzial berriak bilatu beharko dira, daudenak zaharberritu eta agora txikiak bultzatu, arruntak, egunerokoak, kulturari eta arteari, berdin naturari zabaldutakoak. Gune zurrun segregazionista ghettizatzailez beteriko hirigintzari hau desegituratzeko bideak aurkitzeaz ari gara, hesiak lausotzeaz, continuum hezitzaile bizigarriak sustatzeaz. Espazioak gure gaitasun, gogo eta behar erlazional, ludiko, ekonomiko, kultural, politiko eta militanteei begira birpentsatzeko premia daukagu. Toki berriak asmatu beharko dira non aukera izanen baiten lohiez zikintzeko edota elkarri aniztasunak zipriztintzeko. Mundua interpretatzeko galbahe gisara planteatzen ari garen materia horren beraren balio sinbolikoa berreraikitzeko eta erranahi berrien bila abiatzeko abagunea emanen diguten espazio inklusibo eta askeak sortzeaz ari gara beraz.

Materia horren gaineko materia ere gehitu beharko genioke gure hausnarketari. Aitzineko guztiari zentzua emanen dion giza-materia hain zuzen ere, identitatea eraikitzen duena gauzekiko elkarrekintza horretan, hein batean gauzek norabideratutako edota baldintzatutako identitatea izanen bada ere. Bide batez, jendearengan arreta jartzea komeni zaigu, guretako bakoitzak, denok, mezuak helaraziko ditugulako gure baldintza materialei azkarki atxikitako identitate horien bitartez, hala nahi eta ahal izanez gero behinik behin. Nahi eta ahal, bai. Izan ere, gure gorputzek, tasunek eta egoteko erek ere baldintzatuko baitute subjektibotasunetik intersubjektibotasunera egin genezakeen bide hura, nitik gurakoa. Dio bell hooksek (2021) irakaslearen ulerkera erromantiko bat eraiki dugula, buru edo gogamen iragankor bati loturik hain zuzen ere, hezitzaileak gorputzik ez balu bezalaxe.  Baina bai, badu, badugu, baita ikasleek eta eskola-bizitza sostengatzen duen komunitate horretako bertze kide orok ere. Eta gorputz (disidente) horiek solas egitea badute. Mezuak bidaltzen baitituzte ahoz gora deklamatzen ari garenaz haratago. Saia gintezke, hezkuntzatik ere, gure lanbidearen mandatuaren baitan, hitzez eta gorputzez ematen ditugun mezuak bateratzen, koherente egiten. Gaurko hezkuntza curriculum homogeneizatzaileek subjektibotasun horiek neutralizatzen saiatuko baitira, deuseztatzen gure emakumetasunak, euskalduntasuna, belztasunak, langiletasuna, gorputz disidentziak eta, oro har, pedagogia estraktibista honi funtzional ez zaion tasun oro. Ezabakerian tematzen baita hezkuntza neoliberala eta, garai batean ez bezala, non eredu produktibisten baitan, ikasleen etorkizuneko eskulana izaten baitzen estatu patriarkal kapitalisten kezka nagusia, gaurko paradigma berria, ikasleen gorputz, bizitza, pentsamendu, gustu, kontsumo nahikeria eta orotariko datuen gose da. Liberalismoak ez bezala, neoliberalismoak ez baitu aski gure baldintza materialetan eragingo duen ekonomiaren doktrina bat izatearekin, neoliberalismoa bizitzen hurrupatzailea da eta horretarako hezkuntza beharrezkoa du. 

Aldi berean, gaur-gaurkoz, immaterialak diren gauza horien inguruan hausnartzeko premia ere badugu, bistan da. Hemen baitauzkagu, gurekin gaur, guretzako noizbait. Ezagutzaren eta datu masiboen garaiotan, post-egiaren eta fakearenak ere badirenak,  gauza ukigarri zein birtualek ere, hitzez haratago erraten dituztenak pentsatzeko beharra baitago, problematizatu hainbat zentzutan, irismen arrakaletatik hasi eta jite desberdineko mistifikazioetaraino. Kritikotasun ezak, pentsamendu magikoan erroiztera baikaramatza, beraz mundua interpretatzeko aski toki ahulera. 

Dio Marina Garcések (2020) pedagogia oro, dena delakoa izanik ere, ez dela errezeta metodologiko hutsa, baizik eta mundua beraren ikuskera zehatz bat. Gurean, hezkuntza akordioaren beharrak indarra hartzen duen egunotan, herri hezitzaile, euskaldun, feminista, aske eta burujabea helburu dugunok, aisialdi eta militantziarako espazioetatik hasi eta hezkuntzaren esparru formaletaraino, esparru problematizatzaile eta kontzientizatzaile orotan, hitzez adierazten direnekin batera, materiak hitzik gabe adierazten duen zerizan politikoari arreta paratu beharko genioke, gauzek erraten dutenari, dizutenari, digutenari. Eta, noski, horren arabera borrokatu hezkuntza marko berria.


Eusko Jaurlaritza

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

2021-ko BESTE ERANTZUNAK