Urteko galdera

Xabi Gomez / Irakaslea

2020/11/27

Xabi Gomez / Irakaslea

Hiru dimentsiotako hezkuntza
 

Sarritan, hezkuntzari buruz gogoeta egiteko eremuak sortu nahi ditugunean unibertsitateko irakasleak, politikariak, pedagogoak, psikologoak, ekonomistak eta abar gonbidatzen ditugu. Hots, profil profesional “serioa” dutenak hartzen ditugu aintzakotzat, pentsatzen eta ikertzen jarduten dutenak. Ni maisua naiz. Ikaslez inguratuta eta gelaren barruan egunero lan egiten duen mila hezitzaile bezalakoa. Horregatik, ilusio bereziarekin hartu nuen XXI. mendeko Euskal Herriko hezkuntza sistema irudikatzeko proposamen hau, argi baitut geuk ere badugula zer esana.

Etorkizuna irudikatzen hasten garenean aurrera begira jartzen gara, etortzeko dagoena gure begien aurrean egongo balitz bezala. Hein batean, gauden puntutik iristea gustatuko litzaiguken puntura falta zaiguna imajinatzeko asmoz. Etorkizuna marra zuzen bat bakarrik balitz bezala. Horrelakoetan, konturatu gabe, errealitatearen ñabardura asko galtzen ditugu, dimentsio bakarra ikusten baitugu: aurretik dugun luzera. Ni beste bi dimentsioak ikertzeko gonbitea luzatzera nator: zabalera eta garaiera.

Hiru dimentsiotako betaurrekoak jantzita ditugula gure begirada zabaldu egingo da eta orduan, desberdintasunak topatuko ditugu. Hezitzaileok soberan dakigu desberdintasuna aberastasunaren sinonimoa dela gure ikasleen artean horiek ikustera oso ohituta baikaude. Desberdintasun eta aniztasun hori aberastasun bezala bizitzeak kultura eta jatorri desberdina duten ikasleak era abegikorrean hartzeko aukera ematen digu. Genero ikuspegi binarioa apurtzeko tresnak eskaintzen dizkigu. Hezkuntza premia bereziak edota aniztasun funtzionala bezalako terminoak alde batera uztera eta ikasle guztien premiak modu egokian asetzera eramango gaitu. Finean, gero eta begirada zabalagoa izan, orduan eta hezkuntza sistema integratzaileagoa eta justuagoa lortuko dugu. Honek guztiak arrakala ekonomikoa txikiagotzen lagundu dezake.

Baina begirada zabaltze prozesuak ez die ikasleei soilik eragingo, zabalkuntza horrek heziketa prozesuan parte hartzen duten elementuak gehituko ditu, hala nola, benetako ikas komunitateak sortzeko aukera edukiko dugu. Bertan, irakasle eta ikasleak ez ezik familiak, ikasle ohiak, begiraleak, kirol entrenatzaileak, herriko elkarteak, auzokideak eta abar ere integratzeko aukera edukiko dugu. Atsotitz afrikarrak dion bezala: “hezteko tribu guztiaren laguntza behar da”.

Azkenik, begirada zabaltzeak beste hezitzaileak lehiakideak bezala ikusteko joera gutxiagotu beharko luke. Hezkuntza sare desberdinen sistema garaitzeko momentua iritsi da. Orain dela berrogei urte sortutako moldeak puskatzeko pausuak eman behar ditugu, hezkuntza “lehiakortasunetik” at kokatzeko. Desberdintzen, bereziak egiten, aldamenekoak baino hobeak agertzen… xahutzen ditugun indarrak elkarlanean ipiniko bagenitu benetako Euskal Hezkuntza sistema sortu eta aberastuko genuke.

3D betaurrekoak kendu gabe, hirugarren dimentsioari erreparatuko diogu: garaiera. Dimentsio honek altuera emango digu goraka zabaltzen badugu, baina sakonera ere eskaintzen digu beheraka luzatzen badugu. Euskal Herria euskalduna izatea nahi badugu geletako hormen artean indarra egiteaz gain geletatik haratago doan errealitateari erreparatu behar diogu. Egun, ikasle askok dute eskola euskaraz jasotzeko aukera baina horrek ez du bermatzen gure herria euskalduna izatea. Horregatik gizartean (aisialdian, kulturan, ohituretan…) eragiten duten estrategiak landu behar dira. Azkeneko 40 urteetan itxaropen eta ardura guztia hezkuntza sisteman ezarri da. Honek, hein handi batean, bere helburua bete du eta gizartea alfabetatu du. Orain erabilpenaren garaia da.

Hezkuntza sistema propioa behar dugu, berezia, geurea. Horrek esan nahi duena da eraikitzen dugun sistemak gure herrian errotuta egon behar duela. Besteengandik ikasi daiteke (Reggio Emilia, Montessori, Finlandia, Singapur…) baina horrek guztiak ez du baliorik gure herriko errealitatera moldatzen ez bada, kopiatu besterik egiten ez bada. Historian zehar berrikuntza pedagogikoek funtzionatu badute ikasleen eta gizartearen beharrengandik gertu egon direlako izan da: ikusi, ikasi eta egokitu.

Aipatutako azken hau era egokian gauzatzeko ebidentzietan oinarritutako berrikuntzak behar ditugu. Alde batera utzi behar dira modak eta estetikak. Ahaztu egin behar ditugu “niri funtzionatzen dit” moduko esaldiak. Baztertu egin behar ditugu emaitza zoragarriak eskaintzen dituzten ke-saltzaileen metodoak. Neurri batean gure burua hezitzaile-ikertzaile bihurtu behar dugu. Ikerketek eraginkortzat jotzen dituzten bideak ezagutu eta uztartu. Horrek, pausu txikiak baina ziurrak ematera eramango gaitu. Denbora, espazio eta diziplinarteko mugak puskatu daitezkeela kontutan izanda, konpetentziak zein edukiak landu behar direla ikusiko dugu, azken hauek demonizatu gabe. Berrikuntza horiek guztiak benetako ebaluazio sendoa diseinatzera eramango gaituzte, non ikasleak ikasketa prozesuaren jabe bihurtuko diren.

Bukatzeko, nire azken gogoeta galdera moduan planteatu nahiko nuke. Azken finean, hezkuntza sistema diseinatzen dugunean helburu zehatz batekin egiten dugu: belaunaldi berriak heztea. Beraz, agian ondorengo galdera erantzutea komenigarria izango litzateke: Euskal Hezkuntza sistematik aterako den ikasleak zer nolako ezaugarriak edukitzea nahiko genuke? Hau da, nola amesten dugu XXI. mendeko euskal jendartea? Galdera honen erantzunak nondik jo erakuts diezaguke.


Eusko Jaurlaritza

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

2020-ko BESTE ERANTZUNAK